Ostegun honetan, Otsailak 5, “Médicos del mundo” elkarteko Fatima Diarra izan dugu gurekin Lizarraldea BHI-n. Diarra, Guinea Bissau-en jaioa, 1. Batxilergoko ikasleei hitzaldi bat eskaini die emakumezkoen mutilazio genitalari buruzkoa. Ikasleei, Afrikako herrialdeetan, nahiz Estatu Espainarrean bizi diren afrikar familietan ohikoa den praktika hau zertan datzan eta zein ondorio dakartzan azaldu die. Hitzaldiaz gain, dokumental bat ere ikusi dute, non mutilazioa jasandako emakume batzuk haien esperientzia kontatzen duten eta gizonezko batzuk haien iritzia ematen duten. Bukatzeko, ikasleen zalantzak ere argitu ditu.
Ikastetxeko zuzendaritzak, Lizarrako Udaleko Berdintasun Arloari eskerrak eman nahi dizkio, horrelako jarduerak antolatzea ahalbidetzeagatik. Fátimari ere eskerrak eman nahi dizkio, Emakumezkoen Mutilazio Genitalaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bezperan gurera etortzeagatik, jarduera honen inguruko informazioa emateko. Jarduera hau emakumezkoen eta haurren Giza Eskubideen urraketa garbi bat da, baina tamalez oso ohikoa izaten jarraitzen du Afrikako herrialde askotan.