Ostiralean filosofiaz hitz egiteko aukera izan genuen Agustin Arrieta filosofoaren eskutik. “Gaueko eztabaidak”(Erein, 2022) eleberriaren lehen ataletik abiatuta, eta batxilergoko lehen mailako ikasleek planteatutako galderak iparrorratz gisa hartuta: erlijioari, zientziari, egiari, pentsamendu kritikoari eta filosofiak aurre egin beharreko etorkizuneko erronkei buruz hausnartu genuen. Errenteriako filosofoak dioenez, etorkizun zaila dugu aurrean: “Gero eta arriskutsuagoa den olatuari (egiaren gaitzespena, manipulazioa, zintzotasun eza…) aurre egiteko beharrean gaude”; olatu horrek ultraeskuinak eta egiarekiko errespetu gutxi erakutsi duten liderrak ekarri dizkigu. Eta premiazkotzat jotzen ditu guzti horren aurkako defentsan horrelako espazioak sortzea. Horregatik, Agustin Arrietarekin batera eraikitako hitzaldi hau beste askoren hasiera izatea espero dugu, pentsamendu kritikoa bultzatzen duten espazioak sortzeko bidean.