Gaur, martxoak 11, ostirala, Lizarraldea BHI-ko 2.Batxilergoko ikasleak “Formakuntza eta enpleguaren Europear azoka” eta NUP-ean bisitan egon dira.

















Otsailaren 11n, polizia foralak hitzaldi bat eman zien 1. batxilergoko ikasleei, trafiko-istripuen prebentzioaren inguruan kontzientziatzeko helburuarekin. Azken hogei urteetan, istripu-kopuruak nabarmen beheiti egin badu ere, xede nagusia da biktimarik gabeko egoera batera iristea, eta horretarako bada oraindik zer egina. Hori dela eta, institutuak ere lagundu egin nahi du ekimen horretan. En lo que dura un parpadeo bideoa ikusi ahal izan zuten gure ikasleek; bertan, bikain aletzen dira batez ere gazteen artean gertatzen diren istripuen kausa nagusiak, eta istripu horiek ekartzen dituzten ondorio latzak. Horiekin batera, lekukotza ezin interesgarriagoak aditu ahal izan zituzten ikasleek: istripuetako biktimenak, errepideetan ibiltzen diren profesionalenak eta ospitaletako langileenak. Eta bereziki txundigarriak egin zitzaizkien istripuetako biktimek eta horien senideek egindako adierazpen hunkigarriak. Gainera, ikasleek zuzenean aditu ahal izan zuten istripu baten ondorioz kalte larriak jasandako neska gazte baten lekukotza: kontatu zien nola gertatu zen istripua, nola bizi izan zuen, eta zer egin behar izan zuen pairaturiko ondorio fisiko zein psikologikoak poliki-poliki gainditu ahal izateko. Horiekin batera, garbi utzi nahi izan zien ikasleei horrelako istripu batek norberaren inguruan —familia, lana, giza-harremanak— duen eragin ezin latzagoa. Ez dugu sekula irudikatzen halako egoera bat gerta dakigukeela, baina… “menturaz, egun batean zu zeu izaten ahal zara antzeko egoera bat deitoratuko duzuna” (“Adiós, mamá”, Shé).
Astelehenean, otsailak 7, azken bi orduetan (12:35-14:25), Villatuertako Embega enpresa ikastetxean egon zen aurkezpen bat egiten kuboan. Bertara, 1. eta 2.Batxilergoko Teknologia Industrialeko eta 4.DBH-ko Teknologiako ikasleak egon ziren.
Enpresako hiru pertsona egon ziren beraien ekoizpen prozesuak eta enpresaren politika aurkezten, Arrasate taldearen barruan egoten jarraitzen duena. Esteka honetan, beraien Linkedin sarean egindako sarrera ikusi dezakezue.
Otsailaren 2an, Elkartasun Proiektuko programaren barruan Lizarraldea BHIk laguntzen dituen GKEei txekeak eman zitzaizkien. Ekitaldian GKEen ordezkariak izan ziren: Benin, ANAS elkartea, SOS Himalaya eta Behar Bidasoa. Beste urte batzuetan bezala, ikasturte honetan ere hainbat jarduera egin dira. Horien helburua izan da dirua biltzea, ikastetxeko zenbait ikasleri laguntzea eta kontzientziatzea. Jardueren artean, Gabonetako saskien zozketa, UCE taldeek egin dituzten eskulan ezberdinak eta, aurtengo berrikuntza gisa, arropa azoka solidario bat nabarmentzen ditugu.
Lau GKEetako ordezkariek ikasleei jakinarazi zieten bildutako dirua zertarako erabili zen. Esate baterako, pandemiaren ondorioz bestelako jarduerarik egin ezin izan denez, bekak eman zaizkie ikasketetarako, eskola-materialerako, osasun-laguntzarako eta elikagaiak bidaltzeko. Bestalde, elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuten eta eskerrak emanez amaitu zuten.
Gabonetako saskiak
Arropa azoka solidarioa
Txeke banaketa